.
Hemen duzue honi buruzko informazioa:
1722. URTETIK HONA…
PLAZA BERRIA DA NIRE IZENA
PLAZA BERRIA DA NIRE IZENA
Gaur egun herri bateko kaleen izenek herri horretako unea zein den adierazten dute, aldiko errejimen politikoaren isla eta udal arduradunen nahien erakusle izaten dira kale, plaza eta bestelako guneei ezartzen zaizkien izenak.Serapio Mujika kronista eta historialariak dioenez, lehen ez zen horrela; iragan garaietan herritarrek emandako izenak ezartzen ziren beti eta horrela onartzen zituzten udal agintariek.
Dakigunez, lehen harresi barrengo Donostiak plaza bakarra zuen, gaur esparru hark irauten du eta BOULEVARD-en zati da, KALE NAGUSIA eta SAN JERONIMO artean eta inguruak markatzen duten arkupetak dira. Donostia zaharreko plaza inguru horretan hiru kuartel zeuden eta errietak izatea ohikoa zen. Militarrak (hauek guztiak jende arrotza ziren) eta herritarren artean sesioak eta iskanbilak urruntzeko herritarrentzat beste plaza bat egitea erabaki zuen udalak. Honela sortu zen PLAZA BERRIA 1722. urtean, orduko ENBELTRAN eta AMASORRAIN lehengo kale zaharretako etxeak botata eta haiek utzitako orubeetan. Lehengo plaza bakar hura aldiz, PLAZA ZARRA deitzen hasi ziren herritarrak.
1813an PLAZA BERRIAri begira udaletxea eta beste 25 etxe zeudenak suntsituak gelditu ziren. Plaza oso-osorik berreraikia izan zen eta zolua betelanez igota. Baldomero Anabitarte kronistak dioenez, 1817ko abuztuaren 16an, lanak bukatu ziren eta inaguratuta gelditu zen. Agintariek betirako oroitza izateko, behi larruan hiru hizkuntzatan (euskara, latina eta gaztelania) idatzitako testuak prestatu zituzten eta beirazko tuboetan sartuta, herria plazan bildurik zegoela, plazako kantoietan sartu zituzten. Euskarazko testuak honela dio: «Donostiaco godartari Santu andia Sebastian martiri doatsua, eta zuec, uri onetaco Aingeru zaitzalleac lagunzayezute emengo gende-en nai-izateai, eta zuen amparuan abiatzendan Plaza au eguizute zoriongui acabatu dediñ eta zuec ceroc emen bertaco echeac osoric eta sendo secula ascoan zaitiraundu. Milla zortzi eun eta amazazpi-garren urtean.»
1812.urtean ezarri zuten Errejimen Konstituzionalaren oroimenez PLAZA DE LA CONSTITUCIÓN izena inposatu zioten, 1820. urtean, agian herritarrek emandako izena ezabatu nahian edo… Hau izan zen Donostiako kale izendegiaren historian uneko politikariek inposatu zuten lehenengo izena.1896ko azaroaren 7an Gipuzkoako Diputazioak erabaki zuen herrialdeko herrietako kale eta plaza guztiak bi hizkuntzatan («en las lenguas Castellana y Vascongada») errotulatuak izan behar direla.1897ko apirilaren 13an egin zen udaleko plenoan Diputazioaren agindua betetzeko plaza honen izena, besteren artean, bi hizkuntzatan errotulatzea erabaki zen: PLAZA DE LA CONSTITUCIÓN/PLAZA BERRIA.
Zalantzarik gabe, 75 urte pasa arren (!) herritarrak oraindik ere PLAZA BERRIA deitzen jarraitzen zuten …1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraren ondoren, berriz ere izena aldatu zioten eta 1937ko ekainaren 15eko udaleko plenoak erabakita, PLAZA DEL 18 DE JULIO deitura inposatu zioten.
Beste 42 urte ondoren eta 1979ko uztailaren 9ko plenoan udalak erabaki zuen lehengo izena bi hizkuntzatara ezartzea: PLAZA DE LA CONSTITUCIÓN/KONSTITUZIO PLAZA.Herritarrek emandako izena PLAZA BERRIA ordurako ahaztua ote? Edo udaleko azken erabaki hori hartu zutenek ez ziren arduratu 1897ko apirilaren 13ko plenoaren agindua gaur oraindik ere indarrean dagoela eta ez dela erabaki hori atzera bota?
Josu Tellabide (Etnologoa)
IRUTXULOKO HITZAN EGINDAKO ERREPORTAIA
No hay comentarios: